Gaur, irailak 23 Tigris ibaia eta Hasankeyfen defentsarako mundu mailako bigarren ekintza eguna dela, Bilbon elkartu gara BBVAren egoizaren aurrean BBVAren aurkako Plataforma eta Kurdistanekin Elkartasun Ekimena osatzen dituzten talde desberdinok. Leloa izan da "Turkiak Kurdistan suntsitzen du, eta BBVAk diruz laguntzen du - Stop Ilisu!" eta ohizko "BBVA Hiltzaile-a".

Bilbon bezala, elkarretaratzeak eta protestak beste 15 lekuetan gertatu dira, Hasankeyf barne, eta Iraken, Europan eta AEBn: Roma, Brighton, Ginebra, Berlin, Hamburgo, Frankfurt, Hannover, Munich, Kaspach, Viena eta Port Townsend (Washington). Bartzelonan ere antolatuta zegoen baina hango egoeragatik bertan behera geratu zen.
Esangurutsuena Hasankeyf-en bertan gertatu dena. Bertan, Hasankeyf Bizirik ekimenako ekintzaileekin eta bertakoekin batera, Kurdistaneko hamabi erakundeen eta Istanbulen sortu berri den Hasankeyf-eko Boluntarioak izeneko koalizioaren 50 erakundeen ordezkariak egon dira. Estatuak agindutako larrialdi-egoera ez da oztopo izan hauek guztiak elkartzeko eta protesta egiteko, "Hemen gaude Hasankeyf eta Tigris ibaia defendatzeko, eta horrela, bizitza defendatzeko!" lelopean.