Bilboko Euskalduna Jauregian urtero egiten den BBVAren Akziodunen Batzarra dela-eta, bankuaren jarduna salatzeko ekintza bat burutu du BBVAren aurkako Plataformako ekintzaileen multzo batek. Bankua salatzeko moduko jardueretan nahasita dagoela eta etekinak eskuratzeko praktika deitoragarriak gauzatzen dituela salatu du ekintzaileen taldeak.
Hori
dela-eta, eta BBVAren etekinak odolez zikinduta daudela
sinbolizatzeko, hainbat aktibistak pintura gorria jaurti diote
beren buruari Akziodunen Batzarraren aurrean. Pertsona eta
kolektibo askorentzat bankuak garatzen dituen jardueretako askok
dituzten ondorio dramatikoak sinbolizatzen ditu pintura horrek.
Plataformaren
bozeramaileek adierazi dutenez, indarrean jarraitzen dute
BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean protesta egitera bultzatu
zituzten arrazoiek. Arrazoi horien artean, honako hauek azpimarra
daitezke:
-
BBVAk pribilegio tristea du: armagintzaren industrian inbertsiorik handienak dituen enpresa da. Izan ere, 3.000 milioi euro bideratzen ditu askotariko armak ekoizten dituzten enpresen finantziaziora. Arma horiek esportatu egiten dira eta hainbat gerratan erabiltzen. Arma horien erruz, milioika lagun erailtzen dituzte eta indarrez deslekuratzen, mundu osoan.
-
BBVAk gizarte eta ingurumen inpaktu handiko makroproiektuen finantziazioan parte hartzen jarraitzen du, mundu osoan. Horien artean, azpimarratzekoak dira Dakota Access olioduktua, Donald Trumpek berriki berraktibatutako proiektua edo Gasoducto del Sur de Perú (GPS) izenekoa Camisean. Gainera, % 25eraino igo du Kurdistango Ilisu urtegian duen finantziazio-maila.
-
Etxegabetzeak egiteari utziko ziola iragarri arren, BBVAk ehunka etxegabetze burutzen ditu urtean. Krisi ekonomikoaren kalteak gehien pairatzen dituzten biztanleen sektoreei eragiten diete etxegabetze horiek. 2016ko martxotik 2017ko otsailera bitartean, herritarren mobilizazioari esker BBVAren 114 etxegabetze suspenditu ziren eta 13 geldiarazi.
-
Aurreko guztiaz aparte, salatu beharra dago BBVAk aberastasun handien zerga-iruzurrean duen eginkizuna: bitartekari-lanak egin ditu hainbat zerga-paradisutan offshore sozietateak sortzeko (“Panamako paperak” direlakoek ziurtatzen duten bezala), eta, aldi berean, abusuzko baldintzak aplikatzen dituzte hipoteka-zergetan eta bestelako banku-produktuetan (zoru-klausulak itzultzera derrigortzen duten epaiek argi utzi duten moduan).
-
Gizartearen sektore handi batek krisialdia bizi izan duen hamarkada honetan, BBVAk etekinak iragartzen jarraitu du (2016an, % 31,5, hau da, 3,475 milioi euro), eta bere zuzendaritza-taldeak soldata estratosferikoak poltsikoratzen jarraitu du: bertako presidente Francisco Gonzálezek 13.424 euro irabazi ditu egunean, 2016an. Gainera, azpikontratak erabiltzen ditu lan betebeharrak saihesteko.
-
Era berean, hipokresia maila handia adierazten du, benetako izaerarekin bat ez datorren irudia proiektatzeko asmoz sariak, ikastaroak eta beste bultzatzen dituenean.
Etekinak
lortzeko moduaren adibide batzuk baino ez dira horiek. Horixe
azpimarratu nahi du BBVAren aurkako Plataformak, eta horixe da
bankuaren akziodunen batzarraren aurrean beste behin protesta
egitearen justifikazioa: bere jarduna salatzea eta jardun horren
ondorio latzei dagozkien erantzukizunak exijitzea.