BBVAren aurkako Plataformak, honen parte-hartzailea de hezkuntzako STEE-EILAS sindikatuaren bitartez, salatzen du BBVAk UPV-EHUren Uda Ikastaroetan muturra sartzea (diruaren truke, noski!!), bere aurpegia garbitzeko nahian.
Euskal Herriko Unibertsitatea, BBVAren eskutik
Atzo inauguratu ziren ofizialki UPV/EHUko Uda Ikastaroak eta hasierako hitzaldia, BBVA Fundazioaren lehendakaria den Rafael Pardo Avellanedak eman zuen: 'Zientzia-alfabetizaziotik zientzia-kulturara gizarte aurreratuetan'.
Ez dakigu zer esan zuen zientzia-kulturari buruz, baina oso argi daukagu zer egiten duen BBVAk bai hemen, bai Latinoamerikan zein munduko beste herrietan. Baina benetan kezkatzen gaituena da UPV/EHUk horrelako finantza-erakundeari bere diskurtsoa zabaltzeko aukera ematea, hain zuzen, erakunde horren ospea zientzia-kulturari egindako ekarpenei baino, giza- eta lan-eskubideak urratu eta ingurumen-eragin kaltegarriak dituzten jarduera ekonomiko-finantzarioei lotuta dagoenean.
BBVA kokatuta dago munduko finantza-sare barruan, etikarik gabe funtzionatzen duen eta pairatu behar dugun finantza-sarea: 2012 urtean, BBVAk 1.635 milioi euroko etekina lortu zuen -bankuaren lehendakaria den Francisco Gonzalezek 2,96 milioiko soldata du gehi akzioak izateagatik kobratzen duena-; hori dena, herritar gehienak krisi sakon batean murgilduta dauden bitartean. Bankuek beraiek bultzaturiko espekulazioak sortu duen krisia da, baina herritarrok gara krisia ordaintzen ari garena, bai Estatuko funtsen desbideratzearen bidez zein etxekaleratze-uholdea jasoz. BBVAk dituen etekin gehienak, ingurumenean, jendartean zein pertsonengan eragin larria duten megaproiektuen finantziazioan parte-hartzeari lotuta daude.
Udako Ikastaroetan ez du hitz egin ordezkari sindikalen kaleratzeaz, mota ezberdinetako armak ekoizten dituzten armategietan egindako inbertsioez, edota Txile, Peru eta munduan zehar, herri indigenak deuseztatzen ari diren enpresa, meatze edo metalurgia-industria guztiz kutsakorretan egindako inbertsioez.
Seguraski, hain modan dagoen Gizarte Erantzukizun Korporatiboaz hitz egin du. Hain zuzen, etiketa hori ke moduan erabiltzen dute BBVA bezalako enpresek, Ipar eta Hegoaldeko herrietan sortarazten dituzten eragin negatiboak estaltzeko: giza-eskubideen urraketa, lan-osasuneko neurriak ez-betetzea, genero-diskriminazioa, lan-legediaren urraketa, umeen esplotazioa, ingurumen-eragin kaltegarria eta zor ekologikoaren sorrera, ustelkeria, eta abar luze bat.
Baina txarrena da, BBVAk eta hainbat eta hainbat enpresek eta finantza-erakundeek egiten dituzten sarraskien eta eskubide-urraketen salaketa bultzatu beharrean, esandako guztiari babes “akademikoa” eman diola UPV/EHUk.
Aitzakia izango da BBVAk diruz laguntzen dituela Udako Ikastaroak. Ez da lehenengo aldiz kolokan jartzen dugula entitate pribatuen esku-hartzea Unibertsitatearen finantziazioan.
Erantzuna beti izan da ezin dugula horrelako diru-iturria baztertu, ezeren truke ematen baita. Baina argi dago horren truke badagoela zerbait: orain arte izandako kritika-eza erakunde horren jarduerekiko eta orain bere ekintza filantropiko zein akademikoei eman dien legitimitatea.
BBVAren aurkako akusazioak larriak dira: pertsonen eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoak babesten dituzten nazioarteko printzipio, arau, hitzarmen eta itaunak urratze larri, argi eta eten gabeak. BBVA akusatu eta erruduntzat jo du Vietnami buruzko “Russell Auzitegiak” delakoetan jatorria duen eta 1979an nazioarteko epaile-talde zabal batek sorturiko Herrien Auzitegi Iraunkorrak, sinbolikoa eta iritzi-emailea den Auzitegiak.
Ez dago aitzakiarik, unibertsitate publikoa den UPV/EHUk, gure unibertsitateak, ezin du konplizea izan, ezin du Gizarte Erantzukizun Korporatiboko etiketaren atzetik ezkutaturik, lurrak, herri indigenak, ingurumena espoliatu, armak salerosi eta eskubide-urraketa luze bat ondorioztatzen duen politika babestu. Bada garaia, Giza eskubideen inguruko Nazioarteko Zuzenbidea errespeta eta legea bete dezan exijitzeko. Ez dugu sinesten bere enpresako “etikaz”.
UPV/EHUk ezin zuen beste pertsona bat gonbidatu Udako Ikastaroen hasierako hitzaldia emateko? BBVAk ordezkatzen al du herritarren zerbitzura egon beharko lukeen ezagupen zientifikoa? Ez du axola BBVAk Udako Ikastaroak zabaltzeak, milaka eta milaka pertsonen sufrimenduari lotuta dagoenean?
Gure ustez, UPV/EHUk bultzatu behar duen kultura zientifikoak, kritikoa eta eraldatzailea izan beharko luke, justizian eta berdintasunean oinarrituriko jendarte-sistema defendatzen dutenekin bat eginez. UPV/EHUk dituen baliabideak horrelako jendarte-eraldaketaren mesedetan jarri beharko lituzke, baina, zoritxarrez, beste Udako Ikastaro batzuetan izan beharko da.
Leioan 2013ko ekainaren 26
UPV/EHUko STEE-EILAS