jueves, 17 de febrero de 2022

Epaile batek adierazpen askatasuna mozal legearen gainetik jarri, eta KEMeko ekintzaile bat absolbitu du

  Amaia Lekunberri (Argia)

2019an BBVAren Akziodunen Batzarra gauzatzen ari zen bitartean egindako protesta baten harira, sei pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, eta mozal legea aplikatuz horiei isuna jartzea proposatu zuen. Sei kideetako bat absolbitu du berriki Gasteizko epaile batek, ekintzari "legezkoa, zilegizkoa eta eraginkorra" iritzirik, eta adierazpen askatasuna mozal legearen aurretik jarriz. Arrazoi horrexegatik, aitzindaritzat jo du epaia KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak.
 
Argazkia: Ecuador Etxea

2019ko martxoaren 15ean, Euskalduna Jauregian BBVAren Akziodunen Batzarra egiten ari ziren bitartean, BBVAren kontrako Plataformako eta EHk Kapitalari Planto! kanpainako kideek protesta egin zuten kanpoan. Sei ekintzailek pintura gorria bota zuten beren burutik behera, 500 euroko billeteak eskuan zituzten bitartean. BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela salatu zuten ekintzarekin. Hala adierazi zuten: "Bankuak irabaziak lortzeko garatzen dituen zenbait jarduera salatzea eta euskal erakundeen eskutik jasotzen duen mesede-tratua salatzea izan da ekintza honen helburua".

Ertzaintzak protestan parte hartu zuten sei pertsonak identifikatu zituen, eta mozal legea aplikatuz horiei isuna jartzea proposatu zuen. Ekintzaileek eurak zein ekintza antolatu zuten eragileek helegitea jarri zioten erabakiari, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak halakorik onartu ez. Ez du iritzi bera agertu ordea Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegiko Rosa Esperanza Sanchez epaileak, hark emandako epaiaren arabera ekintza "legezkoa, zilegizkoa eta eraginkorra" izan baitzen, eta "adierazpen askatasunaren eskubidearen erabilera" egin baitzen. Hala, bada, kargugabetu egin du Koldobi Velasco ekintzaile antimilitarista, zeinari desobedientzia falta larria leporatu eta 602 euroko isuna eskatzen zitzaion.

Epaia "aitzindaria"

KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak protesta hartan parte hartu zuen, eta epaiaren aurrean positiboki mintzatu da. Beren arabera, epaia "aitzindaria" da, mozal legearen aurretik jarri baitu adierazpen askatasuna. "[KEMek] Oso positiboki baloratzen du epaiaren edukia, desobedientzia zibilaren legitimitatea aitortzea dakarrelako, parte-hartze politikorako tresna gisa, eta adierazpen askatasuna aldarrikatzea, oraindik indarrean dagoen Mozal Legeak dakartzan eskubide murrizketen aurrean".

Epaiaren aurrean bere irakurketa egitearekin batera BBVA seinalatu du KEMek, gogoratuz, besteak beste, armagintzan gehien inbertitzen duen Espainiako bankua dela, bankuen erreskatetik 13.000 milioi euro baino gehiago jaso arren urtero ehunka etxegabetze gauzatzen dituela, pentsioen pribatizazioa bultzatzen ari den lobbyaren parte dela edota ingurumenean zein jendartean inpaktua eragiten duten makroproiektu estraktibistak bultzatzen dituela.