Urtero legez 2007tik, gaur, martxoaren 11n ostirala
,BBVAren aurkako Plataforma osatzen dugun sindikalistek,
hezkuntza-profesionalek, antimilitaristek, ekologistek,
internazionalistek eta beste hainbat herritarrek BBVA odolez
zikinduta dagoela salatu dugu BBVAren Akziodunen Batzarretik hurbil.
Eta aurten ere gure buruen gainean odola adierazten duen margo gorria
botaz, BBVAren politika hiltzaileak salatu ditugu. Beste behin
erabili dugu formula bera, beste behin BBVAk muzin egiten diolako
bere jarduera burutzen duen lurraldeko hainbat eta hainbat
aldarrikapeni.
Estatuko zenbait puntutako antimilitaristek egin dute
bat ekintzarekin orobat; zehazki, Kanariar Uharteetatik eta
Madriletik etorri dira bankuaren irismen luzeko jarduera salatzera.
Gaur goizean ekintza burutu dutenek adierazi
dutenaren arabera, BBVA odolez zikinduta dago garai honetan gertatzen
ari den fenomeno baten protagonista ere badirelako: pobreen (oso
pobreen) eta, besteak beste, bankuaren kupulan dauden aberatsen (oso
aberatsen) arteko distantzia sustatzen dutelako beren joko zikinek.
BBVA odolez zikinduta dago armagintzaren industriaren
finantzazioan marka ederra duelako; Espainiako armagintza-fabrikei
emandako kredituetan soilik, banku honek 288 milioitik gora euro
jartzen ditu, Centre d’Estudis per la Pau Centre Delàs
erakundearen azken txostenaren arabera. Txosten berean aurki
daitezkeen datuon arabera BBVAk sei milioi eurotik gora dauzka Indran
inbertituta, dela akzioetan edo bonotan. Marka ederra du, bai,
Espainiako beste banku guztien rankinean lehena baita armagintzaren
industria laguntzen.
BBVA hiltzailea da jendea etxeetatik botatzen eta
etxe horiek eskuratzen dituelako. Hiltzailea da urtegiak eta
ingurumenarekiko oso bortitzak diren proiektuak bultzatzen dituelako.
Kurdistango Ilisu urtegiaren eraikuntza laguntzen duelako, non,
albo-ondorio gisa, gainera eraikuntzaren inguruan militarizazio
bortitza eragin baitu. Hiltzailea da BBVAk finanziatutako Quimbo
urtegiaren proiektuan Nelson Giraldo ekintzailea 2014n erail
zutelako.
BBVArena kasu partikular bat da egun bizi dugun eta
inongo etikarik gabe funtzionatzen duen mundu mailako finantza-eredu
zoro honetan. BBVAk 2.642 milio euroko irabazia lortu zuen 2015en,
iaz baino % 0,9 gehiago, herritarren gehiengoa krisi handi
batetik ezin atera dabilenean. Krisia, gainera, bankuek egindako
espekulazioak eragin duenean, eta, ondoren, herritarrok ordaindu
ditugunean ondorioak, estatuko fondoak bankuak salbatzeko erabili
direnean, eta etxegabetzeak etengabe gertatu direnean.
Eta gizarte osoan miseria zabaltzen dan honetan,
BBVAren zuzendarien soldata mailak izugarriak dira oraindik.
Zurikeria da haien ikurra. Baina guk jarraituko dugu
haien benetako aurpegia erakusten.