Artista, EHU/UPV-ko Arte Ederren
fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, eta interesa izan dezaketen
pertsonei zuzenduriko komunikatua.
EHU-ko Arte Ederren Fakultateak BBVA
Fundazioaren babesarekin antolatu duen XXIV.
Ikusentzuneko Erakusketa dela eta, artearen esparruari dagozkien instituzio eta
finantza entitateen artean ematen diren elkarlanen inguruan.
Zuetako askok bezalaxe, bai alor sozial, ekonomiko,
politiko, zein kulturalean bizi dugun une latzarekin arduratuak gaude. Sistema kapitalistaren gainbeherak
inoiz baino ageriago uzten du momentu hauetan bere porrota. Finantza erakundeek
zorpetze egoera batetara eraman gaituzte, ordezkatzen omen gaituen klase
politikoaren laguntza eta onespenarekin. Pertsonen ongizatearen gainetik Banku
eta Aurrezki Kutxen ongizateari lehentasuna eman dion gupida gabeko klase
politikoaz fido izan gara. Banketxe eta Kutxak dira, aipatutako politikariekin
batera, pairatzen ari garen finantza krisian murgiltzera eraman gaituztenak.
Estatu mailan egunero gauzatzen diren 500 kaleratze baino gehiagoren
arduradunak dira, 5 miloi langabetuenak, gastu militarrean inbertitzearenak,
ingurugiroari egiten zaizkion hainbat erasorenak, eta osasungitzan, hezkuntzan
eta kulturan ematen ari diren murrizketen arduradunak ere neurri handi batetan.
Artearen
esparrua ere ez da salbu odoluste prozesu honetan, horregatik zaila suertatzen
da, burua beste alde batetara bueltatu eta ezer gertatuko ez balitz bezela egitea.
Gehiago edo gutxiago, denok ezagutzen ditugu, instituzio kultural/artistiko eta
finantza entitateen artean ematen diren harremanak. Aldi berean, erakusketa
batean parte hartzeko aukeraren aurrean artista batek izan dezaken gogoa eta
ilusioa ulertzen dugu, baina zein jolasetan parte hartzera gonbidatzen gaituzten
kontziente izatea ere garrantzitsua litzateke aldi berean. Baldintza berdinetan
jolasten ez den joku maltzur bat suertatu daitekelako, non batzuk, artista
gazteen esparrua inguratzen duen prekarietateaz baliatzen diren beste nahi batzuk
asetzeko, gehienetan kultura eta artearekiko interesetatik zeharo urrunak. Artistei eskeintzen zaizkien aukerak dira,
eta hauen partetik legitimatutako espazio batean lan egiteko aukera
garrantzitsu bat bezela jasotzen da, karrera artistiko baten hasieraren abiapuntu
izan daitekelako. Nahiz artistak askotan,
instituzioek beraiekiko egin dezaketen erabilera eta abusuaz kontziente izan, maniobrabilitate esparru oso
mugatuarekin jokatzen duten.
Momentu
hauetan bereziki bizi dugun egoeraren aurrean, Banku eta Kutxak erakusten ari
diren jarrerarekiko, artearen esparrutik ere
gure tokian ipintzeko beharra sentitzen dugu, beste alde batzutatik eragile
sozial, mugimendu, kolektibo, langile, langabetu, ikasle, persona anonimo, e.a.
egiten ari diren modu berean. Eredu neoliberala gizarteko geruza desberdinetan
eragiten ari den kalte larriengatik kritikatua izaten ari den une berean,
bidezko eta beharrezko ikusten dugu artea eta finantza entitateen artean
sortzen diren harremanak ere zalantzan ipintzen hastea. Bai artista eta bai
erakunde desberdinen partetik erabat barneratuta eta txertatuta dago erlazio
mota hau, eta ez legoke txarto beste behin ere zalantzan ipintzea, artearen
kontextuarentzako beste mota batetako espazio eta moduak lortu/eraiki asmoz. Entitate
hauen menpeko ez izateko, hauen eraginpean lan egitea ekidin eta erabilera
lizun horretara bultzatzen dituzten arrazoiak sahiesteko, hauen eskuetatik
urruntzen diren espazio eta moduak gureganatu beharko genituzkela pentsatzen dugu.
Bai pertsona, bai artista bezala, gure osotasuna eta duintasuna bermatuko
dituzten esparruak beharrezko ikusten ditugu, azken finean gure miseriaren sustrai
diren erakundeekin elkarlana sahiesteko.
Horregatik Euskal
Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak, BBVA Fundazioaren
laguntzarekin antolatu duen erakusketak sortzen duen kontextua aproposa iruditu zaigu, elkarlan hauen
zentzu/interesa eztabaidatzeko. Berria ez den zerbait bestalde, baino
beharrezkoa gure ustetan egoeraren larritasuna kontutan hartuta, entitate hauek
direlako neurri handi batean ere honen erantzule. Hori dela eta
proposamen bikoitz bat luzatu nahi genizueke:
a)Erakusketan parte hartu behar duten
artistei zuzendua:
Pairatzen
dugun egoerak bultzaturik, instituzio eta entitate finantzieroen artean
garatzen diren elkarlanen inguruan gure
kezka eta zalantza plazaratzeko intentzioz, erresistentzia mutuan oinarritutako
lana planteatzea proposatu nahi dizuegu. Eskuhartze kolektibo eta partehartzaile
bat proposatu nahi zaizue, autoretzaren ideia desagertzea bilatzen delarik,
kolektibo bezela eragiten duen zerbaiti, erantzun KOLEKTIBO batez erantzun
asmoz. Zentzu horretan, programatuta dagoen moduan, espazio eta denborak okupatzen
jarraitzea proposatzen zaizue, artista bakoitzari egokitu zaion tokia
errespetatuz, bainan beste modu batez. Horregatik koadro eta argazkiak,
atzekaldea erakutsiz eskegitzea gonbidatzen zaizue. Eskulturak beraien
paketatze kaxetatik atera gabe erakustea, soinu eta irudirik gabeko imajinak,
“txurian”, proiektatzea proposatzen zaizue bideo eta instalazioen kasuan.
Ekintza performatiboak eta kontzertuen kasuan, isil eta ez-antzeztuak izatea
proposatzen zaizue, e.a.
b)Artista, Arte Ederretako Fakultatea,
EHU eta interesa izan dezaketen pertsonei zuzendua:
Erakusketan
inplikaturik dauden alde desberdinez gain, artista, ikasle, irakasle, arte
kritikariak, filosofo, eragile sozial, kultural, e.a. deia luzatzeko eskaera
egin nahi genizueke, erakustokia bilkura marko bilakatu dadin, gogoeta eta
eztabaidarako toki, aske, eta horizontala. Hemen planteatu nahi denak denoi
eragiten digun gaia izanik, honen inguruan denon artean pentsatzeko.
Argi utzi
nahi dugu, gure helburua ez dela erakusketa hau hankaz gora jartzea. Ezta ere
Arte Ederretako Fakultatearen kontra
jotzea, eta are gutxiago erakusketaren antolaketa lanetan dabiltzan eta bertan
parte hartzen duten artisten kontra ekitea. Ez da erakusketa hau zalantzan
ipini nahi dena, artearen esparruan horren hedatua dagoen elkarlan eredu bat
baizik.
Gure alorrean
ohizko bihurtu diren eta normaltzat hartzen ditugun instituzio eta finantza entitateen
arteko harremana zalantzan ipini nahi dugu, azken hauek egoera social,
ekonomiko, politiko eta kulturalaren aurrean daukaten jarreraz arduraturik. Arte
Ederren Fakultateak, modu honetako erakundeekin kolaboratzearen balio, zentzu
eta helburua aztertu beharko lituzkela iruditzen zaigu. Bere lana erakutsi nahi
duen ikasleari eskeintzen zaion aukera/ez-aukerari buruz hausnartu beharko
luke. Fakultatea beste modu bateko erakustokiak eskeintzen saiatu beharko
litzatekela pentsatzen dugu, non ikasle guztiek modu aske batetan esku har
dezaten jarduera akademikoaren parte bezela, arrazoi ideologikoengatik inor
kanpoan geratu ez dedin bermatuz.
Arteari
dagokion esparruak, Unibertsitateari dagokion alorrak eta interesa izan
dezaketen pertsonek, hemendik luzatzen dizuegun proposamenari heldu eta zuena
egitea desio dugu. Arte esparruari dagozkien instituzio desberdinen eta
finantza entitateen arteko elkarlanaren inguruko gogoeta eta eztabaida ariketa
egiteko eskaera luzatu nahi genizueke, praktika artistikoa ein handi batetan
behintzat hauen barruan ematen bait da, eta zentzu horretan zeharo baldintzatua
suertatzen da. Proposamena modu ireki batetan eta egoera sozial, ekonomiko,
poltiko eta kulturalari lotuta ulertzea nahi genuke. Herri sentimenduarekin bat
egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Zuengandik, gutako askok espero dugun keinua
izango litzateke, gizarte honentzako erreferente garrantzitsua zaretelako. Egoera
kontutan izanik, agian garai aproposa litzateke, elkarlan hauek berrikusi,
aztertu, erantzukizunak onartu eta beste modu batetako harreman eta ereduak
bilatzen hasteko.
Bilbo, 2012-ko abenduak 10.
919 KOLEKTIBOA
ATXIKIMENDUAK
Stop
Desahucios Bizkaia, Asociación Vasca de la
Familia/Familiaren Euskal Elkartea – “SENDIA”, PAH Sendia País Vasco (Plataforma
de Afectados por la Hipoteca), Asociación de
Familias Monoparentales de Euskadi, Berri-Otxoak,
Stee-Eilas, Ekologistak Martxan, Danok Lan de Galdakao, Plataforma de Afectados por la Hipoteca, La Posada de los
Abrazos, Mikelazulo Kultur Elkartea, Murrizketarik Ez, Amasté, Herri Komitea, Antikapitalistak, Auditoria de la deuda de Bizkaia, Mujeres del Mundo-Munduko Emakumeak "Babel", BBVAren aurkako plataforma/Plataforma contra el BBVA
eta M15M Bizkaia.